Maria zarrabeitia

Baina o, ama

Baina o, ama;

Nik sugar izan nahiko nuke.

Naturan berraragiztatu:

neguko eguzkian,

ibaietako arroketan.

Negar malkoetan.

Esku biluzi bat izan nahiko nuke,

o, ama.

Esku biluzi eta hotz bat.

Izoztutako atzamar bat izan nahi dut,

hotz eta mugiezina.

Zuhaitz handi batean berraragiztatu nahiko nuke,

oh ama.

Zume negarti bat nintzateke orduan,

eguneko momentu oro dantzan ibili ahal izateko.

Dantza eta negar

ez gehiago.

Eta mundu guztia hartuko nuke orduan nire barruan,

euritik babesteko,

miresteko,

sendatzeko.

Denak zainduko nituzke neguaren bihozgabetasunetik,

atzamar biluzi

eta izoztuetatik,

Mugiezintasunetik.

Beldurretik.

Guztien etxe izango nintzateke,

o, ama,

hura litzateke

nire dantza eta malkoz jositako kobazulo irekia.

Baina o, ama

Zer jakingo ote dut nik zerbait izateaz,

Gehien naizen egunetan ere ez baldin banau haizeak ere hautematen.

2025eko abuztua


Descubre más desde Maria zarrabeitia

Suscríbete y recibe las últimas entradas en tu correo electrónico.

Deja un comentario