Biriketan haziak landatuko nituzke,
klima beroetako liliak gustoko dituzula esango bazenit
.
Hemen
Ipar poloan
hazten ez diren
baina ohe-ondoko mahaitxoan nahi zenituzkeen
loreak landatuko nituzke
.
Begietatik ateratzen ez zaizkidan malkoek ureztatuko lituzkete nire biriketako haziak
-orain dela asko ez dudala kanporantza negar egiten-
malkoak ere izozten dira hemen
.
Eta horrela,
gutxinaka-gutxinaka,
nire barnea betetzen joango litzateke,
Klima beroetako liliz betetzen
Hosto, adartxo eta zurtoinez betetzen
.
Biriketan sustraituko litzaizkidake orduan loreak eta zuri emango nizkizukeen arren,
niri lotuta geratuko lirateke betirako
niri lotuta geratuko zinateke betirako
.
Horiek dira
orain
sentitzen duzun hutsunerik handienaren subjektu
.
Eguzkia oso noizean behin agertzen den munduaren zati honetan, loreak nire barnean hazten utziko nituzke,
zuk eskatuko bazenit
.
Ez dakit zergatik etorri ginen liliak hazten ez diren toki batera
eskuak izozten zaizkigun toki batera
Ez dakit zergatik etorri ginen hutsik dagoen toki batera
Isiltasunak ere oihartzuna sortzen duen toki batera
batera
batera
.
Hotz mingarria egiten duen Ipar polo honetan,
eguzkiak ez du jotzen eta espaloien arrakaletatik ez dira loreak
ezkutatuta bada ere
agertzen
.
Hotz zarela esaten duzu
Eta nik -Itzul gaitezen etxera, laztana
Baina isilik geratzen zara
Arnasteari uzten diozula iruditzen zait
Eta orduan pentsatzen dut,
biriketan haziak landatuko nituzkeela,
klima beroetako liliak gustoko dituzula esango bazenit
.
Baina ez didazu eskatzen
Ez didazu ezer esaten
Zure isiltasunaren oihartzunak nire hitzak estaltzen ditu
-ez nauzu entzuten-
.
Eska iezadazu, mesedez- diote nire begiek
Loreak behar ditut ohe-ondoko mahaitxoan- zureek
Baina afonia dirudien kondizio honek ez digu hitz egiten uzten
-ez zaitut entzuten-
.
Isil dadila behingoz oihartzun madarikatu hau!
hau
hau
.
Kondenaturik gaude, laztana -esan zenidan azkenik
Zertara kondenaturik? -nik
Ipar poloan bizitzera -hasi zinen
Ohe-ondoko mahaitxoan lorerik ez izatera
Eskuak izoztera
Eguzkia bilatu
baina ez aurkitzera
Zu birikak negutegi bezala erabiltzera kondenaturik zauden moduan nago ni loreak behar ditudalarena egitera
Baina ez da egia
Behar zaitudalaren ilusio soila sortzeko besterik ez da,
antzerki-muntaia dramatiko hau
antzerki-muntaia ezinezko hau
.
Ipar Polora etorri behar izan gara maite ez zaitudalarena azaltzeko
eta oraindik ez zara konturatu
Zenbat denbora gehiago egon behar dut isilik,
hutsaren oihartzunak torturatu zaitzan?
Zenbat aldiz esan behar dizut eskuak izozten zaizkidala,
ihes egin nahi dudala uler dezazun?
Ez nauzu ulertzen,
Ez nauzu entzuten,
entzun nazazu behingoz!
behingoz
behingoz
.
Orduan
nik
negar egin nuen 3 segunduz
barrurantza, berriro
baina ez dakit zergatik izan zen;
maite ez ninduzula onartu zenidalako
ala
isiltasuna faltan bota nuelako
-agian biak gauza bera ziren-
.
Baina bat-batean
inolako abisurik gabe
Ur tanta bakar baten zain egon izan balitz bezala,
eztarrian zerbait sentitu eta lore bat atera zitzaidan ahotik
Irentsi nahi
baina ezin
Eta berriz ere isildu zinen
betirako isildu
Loratu berri zena moztu
eta ohe-ondoko mahaitxoan jarri nizun
Jada ez zenuen bertan gehiagotan lo egin
.
Ordutik ez da Ipar poloan ezer gehiago entzun
Oihartzuna bai
oihartzun ozena
Ordutik negar egiten dut egunero
barrurantza negar
Eta ordutik 5 lili jaiotzen dira egunero ere
Eta ez dira jada etxean sartzen
ez naiz jada etxean sartzen
.
Ez dakit zergatik etorri ginen hutsik dagoen toki batera
isiltasunak ere oihartzuna sortzen duen toki batera
batera
batera
.
Herrialde honek ez du jada zure usaina,
Baina nik ezin dut alde egin
Arrazoi zenuen
Birikak negutegi bezala erabiltzera kondenaturik nago
Etengabeko izozte hontara kondenaturik
Oihartzun mingarri hontara kondenaturik
.
Eta oraindik ere,
biriketan haziak landatuko nituzke,
klima beroetako liliak gustoko dituzula esango bazenit
.
.
.
.
2024ko otsaila

Deja un comentario